24 ORDUZ DANTZAN

IRAILAREN 20 ETA 21EAN, BEASAINGO BIDELUZE PLAZAN

Hasi da ekitaldia! Ikusi hemen argazki eta bideoak:

1984 urtean Jesus Mari Garateren gidaritzapean sortu zen Beasaingo Ostadar Dantza Taldea. Hasiera batean, umeen dantza talde bezela sortu bazen ere, gerora adin tartea zabaldu eta edonorentzako talde bihurtu zen.

Hala ere, hasiera hasieratik ezarritako helburuari berrogei urtean eutsi diogu: herritik jasoa herriari zabaltzeko nahia. Bide horretan etorri dira azken urteetan egindako soinu-tresnen nahiz euskal jantzi tradizionalen inguruko erakusketa eta hitzaldiak, baita herritarrei eskainitako plaza dantzen ikastaroak ere.

Berrogei urte hauetan gure taldeak barre, izerdi, malko, pausu… asko ezagutu ditu eta ibilbide hau ospatzeko urtea dugu aurtengoa.

Jesus Mari Garateri omenaldia - 2018

Ospakizun honek irailaren 20 eta 21ean, ostiraletik larunbatera, joko du gailurra.

Maurizia Aldeiturriaga pandero-jolea - 1904-1988

Beasain egun oso batez dantzan jarriko dugu, dantza eta musika ardatz hartuta, Ostadar dantza taldearen 40. urteurrena eta Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole bizkaitarra jaio zela 120 urte betetzen direla ospatzeko.

Izan ere, Mauriziaren irudiak, bere baitan hartzen ditu gure dantza taldea definitzen duten hainbat balore:

  • Herriak sortua herriari eskaintzeko beharra eta nahia
  • Gure hizkuntzan gure kultura dantza eta musika bidez transmititzea
  • Berdintasunerantz eta aniztasunerantz abestu eta dantzatzeko aldarria

Hori dela eta, gure aldetik, dantzan jarraitzeko aukera ezin hobea dugu aurrean.

Ilusioz, pozez, elkarrekin eta elkarrentzat. Herriak sortua herriari eskainiz. Maitasunez eta elkartasunez. Elkar zainduz eta babestuz. Euskaratik eta euskaraz. Errespetutik, elkarzaintzatik eta ikaskuntzatik. Mauriziak hasitako bideari dantzan jarraituz.

“Etxean edo plazan, ez jarri zalantzan, jarrai zagun dantzan.
Dantzatzen duen herria ez da sekula hilko.”

Ostadar dantza taldea, Beasain - 2024

Batu zaitez gure ospakizunera, eman izena denon artean 24 orduko dantza katea osatzeko!

Esan bezala, Mauriziaren omenez eta Ostadar Dantza Taldearen 40. urteurrena ospatuz, Beasaingo herria dantzan jarriko dugu datorren irailaren 20 eta 21ean, 20:00etatik 20:00etara bitartean, Bideluze plazan.

15 minutuko txandetan, musikari eta dantzari ezberdinek herria alaituko dute, etenik gabeko musika eta plaza dantzen kate bat osatuz: fandango eta arin-arinak, jauziak,…

Gure helburu nagusia ekitaldi herrikoi bat egitea da. Dantza egitea edo musika jotzea gustuko baduzu, hau da zure lekua. Ez izan lotsarik eta zatoz plazara!

Ekitaldiaren inguruko zalantzarik baduzu edo informazio gehiago nahi baduzu, idatzi 24orduzdantzan@gmail.com emailera eta pozik erantzungo dizugu.

Deialdia dantzari eta musikari orori dago zuzendua, animatu eta parte hartu!

Dantzari edo musikari moduan parte hartu nahi zenuke?